Jon Maya
Dantzaria
Sei urte zituela ekin zion dantzari, Errenteriako Ereintza Dantza Taldean. Dantza tradizionalean jaso du bere heziketa nagusia, eta hortik abiatuta landu ditu bere proiektuak. Bakarlari gisa, 1997tik 2005era bitartean zazpi aldiz izan zen Euskal Herriko aurreskulari txapelduna. 1999tik 2001era, Laxok taldeko partaide izan zen, eta proiektu horren ondotik, 2002. urtean, Kukai konpainia sortu zuen. Konpainia horretan dantzari, koreografo eta zuzendari lanak egiten ditu orduz geroztik, dantza tradizional eta garaikidearen arteko bideetan sakonduz eta artista ugarirekin elkarlanean. Hartara, lankide izan dituzte Mireia Gabilondo, Cesc Gelabert, La Intrusa Danza, Pantxika Telleria, Iker Gómez, Jone San Martín, Israel Galván, Logela Multimedia, Oreka Tx, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Juan Mari Beltran, Carlos Núñez eta abar. 1997. urteaz geroztik Errenteria Musikal Musika eta Dantza Eskolako irakaslea da, eta Ereintza Dantza Taldean ere eskolak ematen ditu. Horren gain, hainbat koreografia lantegi eskaini ditu Euskal Herrian zein atzerriko jaialdi eta hirietan.
Elkarrizketa: Luisa Etxenike
Luisa Etxenike idazlea da eta egun Canal Europaren zuzendaria. Hainbat urte daramatza Un mundo de escritoras literatur jaialdia zuzentzen, eta urte batzutatik hona sormenezko idazketa tailer baten arduraduna da. Ondorengo nobelak argitaratu ditu, besteen artean: Los peces negros (2005), El ángulo ciego (2009ko Euskadi Literatura Saria), El detective de sonidos (2011) eta Aves del paraíso (2019), baita El arte de la pesca (2015) poema-liburua ere. Halaber, Cruzar el agua (2022), Llevar en la piel (2023, Aste Beltzeko Silverio Cañada Memoriala Saria) eta Cuerdas (2025) argitaratu ditu. Frantziako gobernuak Arteen eta Letren Ordenaren Zaldun izendatu zuen 2007an.
- Iraupena:
- 24 min.